1936ko gerran hildako 110 lagunen gorpuak berreskuratu dituzte Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Lurpetik ateratako 110 gorpu horietatik 70 gudari edo milizianoenak dira, 26 epaitu gabe fusilatutako herritarrenak eta gainerako hamalauak preso edo atxilotuta zituztela hil zirenenak. Identifikatutako gorpuetako batzuk Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan daude lurperatuta, Olasoko hilerrian.
Elgoibarko EH Bilduk jakitera eman duenez, Udaleko gobernu taldeari eskatu dio Urazandiko igogailua jartzeko lanak egiten diren bitartean inplementatutako herri autobusaren erabilerei buruzko azterketa bat egin dezala, ikusten baitu puntako orduetan ematen den zerbitzuak "ezin duela dagoen eskaria xurgatu".
Mendaro, Elgoibar eta Debako ikastetxeetako 333 ikaslek parte hartu dute Mendaroko XXVI. euskarazko ipuin lehiaketan. Ikasturtearen arabera, hiru mailatan banatuta aritu dira neska-mutilak eta seiren lanak saritu dituzte. Era berean, sei liburu elektroniko ere zozkatu ditu Udalak parte-hartzaile guztien artean.
Joan zen eguenean zabaldu zuen Mendaroko Udalak ‘Mendaro berri’ boletinaren hirugarren alea. Boletinean, 2021eko aurrekontuari buruzko datu nagusiak aletu dituzte, bai eta etorkizunerako aurreikusten dituzten hainbat proiektu ere, tartean ospitalerako igogailua, futbol zelaia eta zubi berriaren aurreproiektua (mendaro.eus webgunean dago boletina). Puntu nagusietako batzuk ekarri ditugu hona, Iñaki Arregi alkatearekin idatziz egindako elkarrizketara.