Udala

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 02 17 alkorta baserria pinuak moztuta almonteparaqueAbuztutik indarrean da Mendaroko Udalak landa-bideen “erabilera berezia” arautzeko ekainean aurkeztu zuen ordenantza, eta ari da zeresana ematen. Alkateak orduan esan zuen landa-bideen zoladurek okerrera egin zutela eta pinu ateratzeekin lotu zuen.

 

Ordenantza berrian jasota dago bideak erabiltzeko baimena eskatu beharko dela 20 tona baino gehiagoko pisu gordina duten ibilgailuak erabili behar direnean, salbu eta joan-etorri horiek nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiekin zerikusi zuzena duten gauzetarako erabiltzen diren, esaterako ganaduarentzako jana garraiatzeko. Baimena eskatzeaz batera, fidantza ere ordaindu beharko dute lur-jabeek, egurra ateratzean eragiten diren kalteak konponduaraziko dituztela bermatzeko. Fidantzaren zenbatekoa egin beharreko distantziaren eta mendi-sailaren hektareen araberakoa izango da [gutxienez 1.500 eurokoa, eta gehienez, 3.500 eurokoa]. Era berean, beldar-ibilgailuek, katedunek, ibilgailu arrastatzaileek, 26 tona baino gehiagokoek, atoidun kamioiek eta trailerrek debekatuta dute landabideetan ibiltzea, baimen berezirik ezean. Arauak hausten dituztenetzako isunak ere zehaztuta daude ordenantzan: 150 eurotik 3.000 eurora artekoak. Ordenantza hori aurkezteko eta hari buruz eztaibatzeko hainbat batzar egin dituzte udal agintariek baserritarrekin, ez baitute denek begi onez hartu. Eta batzar horietako batean eukalipto landaketen inguruko kezka ere agertu zuten zenbaitek.

 • Ezer egin ez izana egotzi dio PSE-EEk alkateari
Horren harira, Mari Jose Telleria PSE-EEko zinegotziak kargu hartu dio Iñaki Arregi alkateari eta landa-ingurunean sortutako problematikaren aurrean ezer egin ez izana egotzi dio. Telleriak dio landa-ingurunearekin lotutako gaiak “modu monografikoan” aztertzeko bilera antolatzeko eskatu ziola alkateari eta beste eredu batzuen erreferentziak ere eskaini zizkiotela “oposizioko alderdiek”, baina hilabete joan dela erantzunik gabe. “EAJk ezin du oposizioaren ekimenei jaramonik egin gabe jardun, are gutxiago gehiengo nahikoa ez duenean. Eta ezin du neurriak hartzeari uko egin eta arazoak berez konpon daitezen itxaron edo soluzioa besteok noiz eman zain geratu”. “Errealitatea konplexua” dela dio eta horregatik eskatu zuela bileran Udaleko teknikariek eta Debemenekoek parte hartzea. Eukaliptoaren harira Telleriak esan du Udalak baduela ahalmena basoen aniztasuna sustatzeko estrategiak sortzeko, “adibidez espezie autoktonoak landatzeko dirulaguntzak argitaratuta, lurren jabeei erabakiak hartzen lagunduko dien aholkularitza bereiziko zerbitzuak eskainita...”. Hala ere, Telleriak dio aukera horien aurrean alkateak ‘ezin dugu debekatu’ erantzun ohi duela beti. “Ez gara hori eskatzen ari, lana egin dezazun baizik. Jokoan Mendaroko landa-inguruenearen etorkizuna dago”, ohartarazi dio.
 • EAJren erantzuna PSE-EEko zinegotziari
EAJk gezurtatu egin du Mari Jose Telleriak esandakoa hala denik eta “alderdikeria laga” eta “herriaren alde jarduteko” eskatu dio. Era berean esan du Udalak “etenik gabe” diharduela lanean landa inguruneko bideen mantentze lanak egiten eta eukalipto landaketen inguruko aferari erantzuna emateko. Ohar berean dio 2020an baserritarrekin egindako bileretan hainbat konpromiso hartu zituztela, tartean “herritarrei eta baserritarrei informazioa helaraztea eta arbola landaketen inguruan eskumena duten erakundeekin lankidetzan jardutea”, esaterako, Aldundiarekin. “Gezurra da hilabete daramatenik oposizioko alderdiek bilera baten zain, joan zen otsailaren 10ean erregistratu zuelako PSE-EEk eskaera, eta egunean bertan gehitu zelako otsailaren 22an egingo den Batzorderako gai-zerrendan”.

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza