Politika

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 02 26 Desobiraketak Bilbo1936ko gerran hildako 110 lagunen gorpuak berreskuratu dituzte Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Lurpetik ateratako 110 gorpu horietatik 70 gudari edo milizianoenak dira, 26 epaitu gabe fusilatutako herritarrenak eta gainerako hamalauak preso edo atxilotuta zituztela hil zirenenak. Identifikatutako gorpuetako batzuk  Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan daude lurperatuta, Olasoko hilerrian. 

 1936ko gerrako hobiak ikertu eta lokalizatzeko planaren balantzea egin du Eusko Jaurlaritzak gaur, Bilbon. "Biktimen duintasuna eta memoriarako eskubidea" sustatzeko abiatu zuten programa hau, baina ez "gorrotorako eta liskarrerako memoria" sustatzeko, baizik eta "egia jakiteko eta bizikidetzarako". Hala esan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaurko ekitaldian eta nabarmendu du Jaurlaritzaren konpromisoa "memoriadun etorkizuna eraikitzea" dela, "oinarri solido, printzipio etiko eta uste sendoetan finkatzen dena”. Aste honetan estatu-kopetik 40 urte bete direla ere gogorarazi du Urkulluk eta horren harira esan du "egia osoa" ezagutarazteko konpromisoa hartzen dutela: “Egia guztia gardentasunez, sekreturik gabe eta erreserbarik gabe jakiteko nahia, horrelakorik sekula berriro gerta ez dadin”. Gerran hildakoen datuak Gogora institutuaren webgunean daude zintzilikatuta otsailaren 8az geroztik eta dagoeneko 20.000 bisitatik gora izan ditu. 

Ekitaldian Paco Etxeberria Aranzadi elkartekoak ere parte hartu du. Hobiak lokalizatzeari nola ekin zioten gogorarazi du eta urteetako lana zer izan den azaldu du. Lan handia izan dela nabarmendu du, baina merezi izan duela; merezi duela. Gutxienez, gorpu horiek hiltzaileek abandonatu zituzten lekutik jasotzeko balio izan duela azpimarratu du, eta gogorarazi du biktima guztiek dituztela eskubideak. Horren harira, nabarmendu du, baina, biktimek eskubideak dituzten hein berean administrazioak eta bera parte den unibertsitateak ere betebeharrak dituztela: "ez ahazteko betebeharra".
 
 • Azken 18 urteen laburpena
 
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaak aurkeztu ditu 36ko gerrako hobiak ikertu eta lokalizatzeko plaren emaitza. Plan honen aurrekariak 2003koak dira, orduan sinatu baituzten Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hitzarmena. Beraz, gaur aurkeztu dena azkeneko 18 urtean Jaurlaritzak eta Aranzadik elkarrekin egindako lanaren emaitza da. Datutan, hauxe:
 
  1. 128 lokalizazio bilatu eta ikertu dituzte.
  2. Aztertutako 128 lokalizaziotatik 46tan hobiak aurkitu dituzte: 24 Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 7 Araban.
  3. 110 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte:  108 gizonenak eta 2 emakumerenak.
  4. Hobitik ateratako 110 biktimetatik 27 identifikatu eta haien familiei entregatu dizkiete. Gainerakoak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan eta hobiak lokalizatu diren udalerrietako hilerrietan daude.
  5. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian lurpetik ateratakoez gain, beste bederatzi pertsonaren –jatorriz EAEkoak– gorpuzkiak berreskuratu dituzte eta familiei eman dizkiete. Nafarroan lau desobiratze egin dituzte eta beste lokalizazio batzuetan, beste bost.
 
Artolazabalek eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan lanean jardun diren eragileei: Aranzadi Zientzia Elkarteari, Biomics laborategiari, Euskal Prospekzio Taldeari eta gai honetan elkarlanean jardun diren elkarte guztiei. Datu horiek ematearekin batera, Gerra Zibileko Euskadiko desobiratzeak txostena ere aukeztu dute, bai eta desobiratzeen mapa geolokalizatua ere.

Aipatutako hiru lagunez gain honako beste hauek ere parte hartu dute gaurko ekitaldian: Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde Jose Antonio Rodriguez Ranzek, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok, Gogoraren Zuzendaritza Batzordeko talde parlamentarioen ordezkariek, senitartekoek, EHUko Biomic laborategiko ordezkariek, Euskal Prospekzio taldeko kideek eta urte hauetan hobietako batzuk lokalizatzen lagundu duten memoria historikoaren aldeko elkarteetakoek.

2021 02 26 gerra zibileko deshobiraketak euskadin txostema azala gogora

 

 
 
 
 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza