Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 05 02 magina sky race podium emak arg fedmeEuskal selekzioak inoizko talde sendoena eraman du Espainiako mendi lasterketen txapelketara, Iñaki Uribe-Etxebarria hautatzailearen berbetan, eta igarri da emaitzetan. Emakumezkoetan Oihana Kortazar elgetarra gailendu da eta Maite Maiora mendaroarrak eskuratu du bigarren postua.

Fedme-k antolatutako Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketa jokatu dute joan den asteburuan Jaenen, Albanchez de Magina herrian. Sierra Máginako Parke Naturaletik igarotzen den Mágina Sky Race lasterketaren barruan jokatu zen Espainiako Txapelketa. Igoera bertikaleko Espainiako Txapelketa jokatu zuten zapatuan eta lineakoa domekan. Azken honek 28 kilometroko ibilbidea zuen, eta 2.250 metroko goranzko desnibela. Oihana Kortazar 2011ko Skyrunningeko eta 2012ko kilometro bertikaleko munduko txapeldunak lehia estua eduki zuen Maite Maiorarekin, 2016ko mendi maratoiko Munduko txapeldunarekin. Laugarren kilometrorako lasterketa buruan zen antxitxikari elgetarra, eta helmugara arte eutsi zion aldeari, baina azken kilometroetan hortzak estutu behar izan zituen garaipena lortzeko, atzetik aurrera eginez ia harrapatu baitzuen Maiorak. Hiru ordutik gorako lehia eta aldapa pikoez osatutako 28 kilometroko ibilbidea osatu ostean, 16 segunduko alde motzarekin gailendu zitzaion Kortazar (3.06.22) Maiorari (3.06.39). Lehen lau sailkatuak ia elkarrekin ailegatu ziren helmugara, lehenak laugarrenari 55 segunduko aldea atera baitzion. Aurreko egunean Kilometro bertikalean gailendu zen Virginia Pérezek egin zuen hirugarren eta Patricia Pinedak laugarren. Euskal selekzioa ordezkatu zuen Mayi Mujika elgoibartarra 14. postuan sailkatu zen 3 ordu 29 minutu eta 57 segunduko denbora eginda.

Maiorak balio berezia eman dio bigarren postu honi, besteak beste, proba hau ez zegoelako denboraldi honetarako bere helburuen artean, eta azken urteetan ez duelako era eta distantzia honetako txapelketetan parte hartu. "Izugarria, Espainiako txapeldunorde! nire buruari jarritako lasterketen egutegia bete ezin nuenez, helburuak aldatu eta proba honetarako prestatzen hasi nintzen, horrek dakarrenarekin; entrenamenduak erabat aldatzea. Izan ere, denbora askoan ez dut parte hartu era honetako lasterketetan, eta adinean ere gora goaz. Zer gehiago eska dezaket, helmugarako lau kilometroren faltan podiumetik kanpo nengoen, barren! ez dagoenetik indarrak atera eta neukan dena eman nuen", adierazi du Maiorak bere poza sare sozialetan.

2021 05 02 magina sky race maite maiora

Euskal selekzioak urrea eskuratu du taldekako sailkapenean, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Gizonezkoen kategorian Aritz Egeak hirugarren egin zuen (2:36:33), Asier Larruzeak bosgarren (2:41.11) eta Jokin Lizeagak zazpigarren (2:43:05).

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza