Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 02 19 emakume zientzialariak Ane Rubio biokimikariaBiokimika eta Biologia molekularreko gradua egin zuen Ane Rubiok EHUn (Mendaro, 1996). Orain, Madrilen dabil, CNIOn, Espainiako Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionalean, master amaierako lana eta praktikak egiten. Joan zen eguenean, Debegesa garapen agentziak antolatutako ‘Emakume zientzialari eta teknologoak’ mahai-inguruan parte hartu zuen, gure eskualdeko beste hiru emakume zientzialarirekin batera: Amaya Igartua kimikaria, Maialen Arrieta fisikaria eta astrofisikan doktorea eta Natividad Garcia ingeniari informatikoa.

Lorea Arakistainek, PuntuEUS fundazioko marketin eta komunikazio arduradunak, dinamizatu zuen ‘Emakume zientzialari eta teknologoak’ mahai-ingurua eta youtuben dago ikusgai.

 • Noiz erabaki zenuen biokimikaria izan nahi zenuela?
Ba egia esan, azkeneko momentuan, Batxilergoko bigarren ikasturtearen azkenaldera. Beti gustatu izan zaizkit gaixotasunen inguruko kontuak, zerk sortzen dituen eta halakoak, baina orientatzailearekin izaten diren ohiko bilera horietako bat izan nuen arte, ez nekien Biokimika karrera bazenik ere.

 • Debegesak, Elhuyarrekin lankidetzan, azterketa bat egin du STEAM arloko gaien eta lanbideen inguruko gazteen pertzepzioa zein den aztertzeko eta ondorio nagusiak dio neskek gai askotan dutela interes handia, eta bereziki gai sozialetan, eta mutilak, aldiz, kirolean eta zientzia eta teknologian zentratzen direla. Zer gauzatan izan duzu zuk interesa umetatik?
Umetan ordu asko sartutakoa naiz musika eskolan. Txistua ikasi nuen, baina balletean ere ibili nintzen. Eta kirola ere dezente egin nuen, Batxilergora arte. Gaur naizenarekin lotuago esan dezaket gaixotasunen inguruan interes handia izan dudala beti. Nola eta zergatik sortzen diren jakin nahi izan dut nik beti; zer gertatzen den maila molekularrean gaitz bat edo beste garatu ahal izateko. Eta minbiziak eman dit beti atentzioa. Zelula bat kontrolik gabe zatitzen hasteak eragiten du minbizia, eta, deigarria egin zait beti hori. Momentuan, minbizi mota bat ari naiz ikertzen, eta gustura ari naiz.

 • Biokimikaria zara ikasketaz. Kontaguzu zein bide jarraitu duzun.
Bilbon egin nituen ikasketak. Laugarren ikasturtean, lehen lauhilekoan, Pragara joan nintzen Erasmusekin. Sei hilabete egin nituen han, otsailetik irailera, eta sekulako esperientzia izan zen, gomendagarria. Gero, Bilbora itzuli nintzen karrera bukatu eta gradu amaierako lana (GRAL) egitera. Achucarro zentroan egin nuen, Zientziarako Euskal Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak neurozientzien ikerketarako sortu zuen euskal ikerketa zentroan. Ikerkuntza zer zen ikusteko aukera eman zidan horrek. Bukatu nuenean ez neukan garbi zer egin. Gelakide batzuek masterra hasi zuten eta nik gradua amaitu ondorenean eskaintzen duten beka batzuetarako eman nuen izena. Beka eskuratu bitarte horretan, baina, Donostian jardun nintzen Biodonostia osasun ikerketa institutuan, laborategiko lanean. Abendutik martxora jardun nintzen han, eta gero laga egin nuen, atzerrira joateko beste beka bat eman zidatelako. Florentziara joan nintzen harekin, hango laborategi batean lan egitera. Oso esperientzia aberasgarria izan zen. Bost hilabeteko egonaldia izan zen, eta italiera ikasi nuen. Florentziatik bueltan erabaki nuen, ikerkuntzan saiatu nahi banuen, masterra egiteko ordua iritsi zitzaidala eta Madrilera joan nintzen. Hemen nago orain, Biologia sanitarioko masterra egiten Madrilgo Unibertsitate Konplutensean.

 • Zeri buruzkoa izan zen zure graduondoko lana?
Labur esanda, Alzheimerraren ingurukoa. Alzheimerraren garapenean parte hartzen duen proteina baten karakterizazioan aritu nintzen.

 • Zertan ari zara orain Madrilen?
Melanomaren inguruan aztertzen duen laborategi batean ari naiz. Melanoma larruazaleko minbizi mota bat da, eta melanozito izeneko zelulak gaiztotzen direnean agertzen da. Eta gu aztertzen ari garena da zein prozesu molekularrek eramaten duten melanoma metastasia sortzera.

 • ‘Ikerkuntza munduan saiatu nahi badut, masterra egin behar dut’ esan zenion zeure buruari. Argi zenuen, beraz, ikerlari izan nahi zenuela?
Ez, ez neukan argi. Eta uste dut sekula ez dudala argi izango, gainera, ni halakoa naizelako, zalantzatia. Baina egia da mundu horrek beti sortu didala jakinmin halako bat, eta beraz, saiatzea erabaki nuen. Ez zait gustatzen nire bidea topatu dudala esatea; ateak zabalik laga zalea naiz, handik edo hemendik jotzeko aukera izateko beti. Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta hasi zintezke bide batetik eta amaitu sekula pentsatuko ez zenuena egiten. Egia da gustatu zaidala ikerkuntzaren mundu hau eta betetzen nauela, baina egia da, baita ere, oso mundu sakrifikatua eta prekarioa dela. Oso gutxi hitz egin genuen honen inguruan aurreko solasaldian, baina errealitatea hori da. Enpresa munduko ikertzaile bi eta unibertsitateari lotuago gauden beste bi elkartu ginen saiorako eta diruaren inguruan gehiago galdetu zion gai-jartzaileek enpresa mundukoei, baina esan beharra daukat ikerkuntzan oso gutxi inbertitzen dela. Ikertzaileek sekula ez dakite lortuko duten eskuartean dituzten proiektuekin jarraitzeko dirulaguntzak.

2021 02 19 emakume zientzialariak Ane Rubio biokimikaria barren mendaro

 • Zientziaz ari garela bata zuridun gizonezkoa etorriko zaio askori burura.
Bai, tamalez hala da oraindik ere, baina uste okerra da. Ikerkuntzan, emakume gehiago ari dira gizonak baino. Beste kontu bat da, gero, goi-karguetan zenbat emakume topa ditzakegun zientzia alorrean; gutxi, zientziaren bidea hasten duten guztiak aintzat hartzen baditugu.

 • Ana Galarraga zientzia-komunikatzaileak zioen normalean neskek koska bat goragotik hasten dituztela STEAM ikasketak unibertsitatean. Gehiago direla kopuruan eta nota hobeak ateratzen dituztela, baina gero doktoretzara iristean berdindu egiten direla kopuruan emakumeak eta gizonak, eta hortik aurrera, emakumeak gutxitzen hasten direla. Zein uste duzu dela arrazoia?
Bai, hala da. Zientzia ez da salbuespena. Mailetan gora egin ahala, gizonezkoen nagusitasuna handitzen doa. Arrazoien inguruan pentsatzen jardun nintzen aurrekoan, zifrek argi erakusten dutelako Anak dioen hori. Arrazoiak asko izan daitezke. Izan daiteke emakume erreferenteen falta, izan daiteke emakumeok geure buruarekiko segurtasun falta handiagoa dugula aginte postuetarako, izan daiteke anbizio faltagatik, eta izan daiteke, baita ere, gizonen arteko korporatibismoagatik ere, gizonek gizonak aukeratzen dituztelako normalean. Eta gero kontziliazioaren kontua ere hor dago. Nik ikusten dudana da aita den zientzialariak ama den beste batek baino denbora gehiago duela lanari eta lanarekin lotutako ardurei dedikatzeko. Zaintzaren ardura, oraindik orain, emakumeena da neurri handi batean, eta etxekoen ardura hori beren gain hartzeak profesionalki hazten jarraitzea zailtzen die emakume askori.

 • Zure ibilbidean zer topatu duzu zuk?
Batxilergotik lau lagun joan ginen gu unibertsitatera, Biokimika eta Bioteknologia ikastera: hiru neska eta mutil bat. Gure gelan, ikasleen hiru laurden inguru izango ginen neskak. Eta beharbada gehiago ere bai. Oro har esango nuke medikuntzarekin lotura duten ikasketetan neskak gehiago direla mutilak baino. Beharbada beste zientzietan, matematika, fisika eta halakoetan bestera izango da, baina medikuntzan, erizaintzan, biologian... eta halakoetan behintzat emakume gehiago gara. Egon naizen lau laborategietan ere argi ikusi dut hori: gizonezkoak izan ditut beti arduradun, baina laborategian emakumeak izan gara gehiago beti. Orain, hamar laguneko taldea gara, eta hiru ez beste guztiak emakumeak gara.

 • Medikuntzari, zaintzari, lotuago dauden ikasketetan emakume gehiago beraz. Jarraitzen du erreproduzitzen estereotipoak hortaz.
Bai. Hobera egin den arren, badago oraindik zer hobetu.

 

 

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza