Euskara

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 03 31 MMendaro euskaraplanaHizkuntzaren normalkuntza ardatz hartuta, 2021eko Euskara Plana osatu berri du Mendaroko Udalak, UEMAren laguntzarekin. Euskararen erabilera egunerokotasuneko esparru guztietara zabaltzea da planaren helburua, euskara indartu eta sustatzeko.

Euskara Plana bi esparru nagusitan egituratu dute: Udaleko barne funtzionamendua batetik, udal mailan euskararen erabilera bultzatzeko, eta herri maila bestetik, herrian eta herritarrengan eragiteko helburuarekin.

Plana egiteko oinarri nagusietako bat, halaber, iazko Euskara Plana izan dela zehaztu dute. Izan ere, 2021erako lehentasunak identifikatu eta zehazteko orduan, iazko lanketaren inguruko balorazioa lehenetsi du Udalak. Aurreikusitako zenbait arlo lantzeko aukerarik ez zuten izan iaz, baina hala eta guztiz ere, beste hainbat aurrerapen lortu zirela jakinarazi dute, hala nola, webgunearen azterketa, Udalaren irudia, harrera protokoloa, transmisioa, Euskaraldia, e.a.
Urteko errepasoa egiterakoan, 2020. urte hasieran elkartutako hezkuntza (edo hizkuntza normalkuntza) mahaia osatzearen garrantzia nabarmendu du Udalak, “Udala bera, UEMA, ikastetxea, guraso elkartea eta euskalgintza norabide berean joatea ezinbestekoa delako hizkuntzaren normaltasunaren bidean”, adierazi dute udal arduradunek prentsa ohar bidez. Horrekin batera, Euskaraldiaren antolaketarako sortutako euskara taldea bizirik mantentzeren aldeko apustua eta gazteen aktibazioan (hezkuntzatik, aisialditik eta gaztelekutik helduta) eta euskalduntze-alfabetatzean eragiteko beharra azpimarratu ditu Udalak.
“Mendarok bere nortasun eta izaera euskalduna mantentzea da gure nahia eta horretarako ezinbestekoa da herri osoa euskalduntzea, urratsez urrats. Ezin diegu aukerei ihes egiten utzi; euskararekiko ilusio eta grina piztea dagokigu, etorkizunera begira, Mendaron euskaraz bizitzen jarrai dezagun”, adierazi dute Udaletik.

Asmo horretan, UEMAk eta Udalak 2021erako osatutako Euskararen Planak hamar lan ardatz ditu, 17 helburu zehatz eta horiek aurrera eramateko 49 ekintza jasotzen ditu planak guztira. Lan ardatzak, ondorengoak dira:
1. Udalaren euskalduntzea
2. Familia transmisioa
3. Euskalduntze-alfabetatze eta etorri berriak
4. Arlo soziekonomikoa (merkataritza, ostalaritza, banketxeak, lan mundua…)
5. Aisia, kirola eta kultura
6. Irakaskuntza
7. Beste administrazioak (osasungintza, bake epaitegiak…)
8. Sentsibilizazioa eta ahalduntzea
9. Udalerriaren zaintza (ELE, azterketak…)
10. Diru-laguntzak

Helburuak aurrera eramateko, hainbat ekintza aurreikusi eta jaso dira Planaren baitan, 49, hain zuzen, eta horiek 2021ean zehar burutuko ditu Udalak, UEMAren eta, zenbait kasutan, herriko eragileen laguntzarekin. Ekintza horien artean daude, besteak beste: euskara ikasteko ikastaroak, haur eta gurasoentzat tailerrak, euskalduntze-alfabetatzea indartzeko ikerketa, herriko banketxeetako euskararen erabileraren inguruko behaketa, euskarazko aisialdia, euskara sustatzeko ekintzen gaineko dirulaguntzak, kale erabilera neurketa eta HEDATU hezkuntza proiektua.
"Mendaroko Udalak euskararen aldeko apustu irmoa egiten du, gure hizkuntza babestu, maitatu eta belaunaldiz belaunaldi zabaltzen eta indartzen jarraitzearen aldeko apustua, alegia. 2021eko Euskara Plana konpromiso horren adierazle bat gehiago da, etorkizun euskaldun baten bidean, etengabe lanean eta urratsak emanez jarrai dezagun”, amaitu dute Udaletik.

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza