Ekonomia

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 02 18 Mars Perseverance credit NASA JPL CaltechElgoibarko AVS enpresan eginiko piezak dituen NASAren Perseverance ibilgailuak bidali ditu estreinako irudiak Marte planetako gainazaletik. Atzo gauean, Euskal Herrian 21:56 zirenean heldu zen Jezero kraterrera, planeta gorrian bizitza mikroskopikoa aurkitzeko helburuarekin.

EHUk eta Sener Aeroespacial eta Elgoibarko AVS euskal enpresek parte hartu dute NASAren Mars 2020 misioan. NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak Cañaveral lurmuturretik (Florida, AEB) jaurti zuen joan den urteko uztailaren 30ean, Perseverance ibilgailua zeraman Atlas V suziria. 500 milioi kilometrotik gorako bidaia egin eta gero, bart gauean ailegatu zen Martera, eta horren bidaia luzea egin ostean, azken zazpi minutuak izan ziren erabakigarrienak. NASAkoek "beldurrezko zazpi minutuak" deitzen diote, Marteko atmosferan sartzen hasten denetik gainazala ukitzen den arte pasatzen den denboragatik. Oso konplexua eta berezia da marteratze operazio hori, erabat autonomoa izateaz gainera, denbora tarte horretan 20.000 kilometro orduko abiadura murriztu behar izan baitu, aireko garabi baten laguntzaz abiadura motelduta. Planeta gorrira bidali izan diren ibilgailuetatik %40ak lortu du orain arte arrakasta izatea. Hortaz, denak zeuden operazioari adi, bereziki AVS enpresakoak, izan ere Marte aztertzeko goi-mailako teknologia duten zazpi instrumentu ditu Perseverance roberrak, eta horietako bi Elgoibarko AVS (Added Value Solutions) enpresak egin ditu. Sistema horiek Marten bizirik egon den eta ea haizerik badagoen aztertuko dute.

 • Lehen argazkia
NASAk jakinarazi duenez, marteratzea arazorik gabe gauzatu zen, eta horren frogak ere zabaldu dituzte. Gainazalean kokatu eta bost minutura, Perserverance esplorazioa abiatzeko prest zegoen eta lehendabiziko irudiak hartu zituen Marten. "Kaixo mundua. Hau da nire etxea izango denaren lehen begiradan ikusi dudana", idatzi dute robotaren Twitter kontu ofizialean, Martetik bidalitako lehen argazkia atxikita. Marteko irudien seinalea zerbait gertatu eta 11 minutu eta 22 segundora iristen da Lurrera.

NASAk streaming bidez eman zuen Perseverancen martearatzeari buruzko emanaldia, hemen:

Mars 2020 misioaren helburua Marten laginak biltzea izango da, planeta gorrian inoiz bizirik izan ote den aztertzeko. Marteko baldintza gogorrei aurre egin beharko diete, hala nola, idortasunari edo hauts-ekaitzei.

2021 02 19 perseverance ibilgailua marrazkia marte jpegPIA21635

∞ Lotura duten albisteak:

  AVSri buruzko erreportajea BARREN aldizkariaren 994. zenbakian (PDF)

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza