Joan zen eguenean zabaldu zuen Mendaroko Udalak ‘Mendaro berri’ boletinaren hirugarren alea. Boletinean, 2021eko aurrekontuari buruzko datu nagusiak aletu dituzte, bai eta etorkizunerako aurreikusten dituzten hainbat proiektu ere, tartean ospitalerako igogailua, futbol zelaia eta zubi berriaren aurreproiektua (mendaro.eus webgunean dago boletina). Puntu nagusietako batzuk ekarri ditugu hona, Iñaki Arregi alkatearekin idatziz egindako elkarrizketara.
Kutsatzeak baretzen ari dira Elgoibarren zein Mendaron ere. Elgoibarren zazpi kasu zenbatu dituzte astelehenetik eguenera, eta Mendaron ez dute kasurik atzeman azken zazpi egunetan.
Otsailaren 14an bete zituen Julen Zabaleta 'Yulen' marrazkilariak 100 urte, eta horren harira, bere bizitzari buruzko ‘Yulen 100 urte’ argazki erakusketa antolatu dute Udalak eta Ongarri Argazkilari Taldeak elkarlanean. Erakusketa otsailean zuten inauguratzekoa, baina bertan behera utzi behar izan zuten ekitaldia, Elgoibar eremu gorrian zegoelako.
Geroa pentsio planaren ondorioz kaltetuta eta diskriminatuta sentitzen diren hainbat beharginen sentipenak jaso ditu BARRENek aste honetako alean, eta Geroako gerente Virginia Oregik ere eman ditu Geroari buruzko xehetasunak.
Elgoibarren eginiko tresnak eta teknologia dituen Marte esploratzeko 'Perseverance' ibilgailua bidali du NASAK Planeta Gorrira. Tresna horiek egiteko proiektuan kalkuluen arduraduna izan da Iñigo Sard, Elgoibarko AVS (Added Value Solutions) enpresako ingeniaria. "Duela bi belaunaldi nire amonak ez zeukan argindarrik edo txorrotako urik etxean, eta orain bere ilobak egindako gauza bat Marte planetako gainazaleraino ailegatu da", dio 'Mars 2020' misioan izan duten parte hartzeaz. Berak eman digu bost urteko lanaren berri.
'Larrugorritan' fikziozko seriearen lehen atala grabatzeko diru-bilketa kanpaina hasi dute Jone Arriola elgoibartarrak eta haren lantaldeak (itsulapikoa.eus). Eta finantzakeraekin lotuta berri on bat ere jaso dute "Batera kultur proiektuak elkarrekin" izeneko diru-laguntza deialdian aukeratu dituzten hiru proiektuetako bat baita 'Larrugorritan'.
Elgoibarko odol emaleen elkartetik jakinarazi dute odol ateratzea egingo dutela barikuan, hilak 26.
Joan zen abuztuaren 10ean hasi zituzten Urazandiko eskailera mekanikoak kendu eta haien ordez igogailua jartzeko obrak, eta ordutik martxan dago herri barruko autobus zerbitzua. Hasiera batean Urazandi eta Erretsundi arteko ibilbidea egiten zuen, baina orain linea gehiago ditu zerbitzuak eta Melitoneraino iristen da. Zerbitzuari buruzko hainbat datu eman ditu Udalak, erabiltzaile kopurua eta kostua, besteak beste.
Albitsuriko industriagunean dagoen Hansa Flex enpresan "jazarpen sindikala" egon dela salatu du LAB sindikatuak, eta lantegiaren aurrean elkarretaratzea egingo dutela aurreratu dute.
Astelehenero eta eguenero eguneratzen du Jaurlaritzak azkeneko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten udalerrien zerrenda, eta COVID19aren eremu gorritik kanpo daude Mendaro zein Elgoibar.
Osasun Sailak erabaki du nola emango dituen koronabirusaren kontrako txertoak, eta aste honetan bertan ekin diote txertaketa prozesuari. Atzo hasi ziren etxean bizi diren 100 urtetik gorakoei txertoak ematen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 100 urtetik gorako 1.800 lagun inguru daude, horietako bost Elgoibarren, eta 25 zentro izendatu dituzte txertoak emateko. Debabarrenean bi gune finko jarri dituzte: Mendaroko eta Eibarko ospitaleak.
Gaurko eta martxoaren 30erako bi greba egun deitu ditu ELAk Gipuzkoako egoitzetan. Lan hitzarmena berritzeko eta lan baldintzak hobetzeko eskaera nagusien barruan, "langile gehiago kontratatzea, prekaritatea desagerraraztea eta langileentzat erreparazio emozionala" eskatzen dituzte.
Duintasuna-Gaurgeroak eta herriko beste zenbait eragilek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur iluntzean Elgoibarren, anbulatorioan 24 orduko zerbitzua ezar zezala eskatzeko Osasun Sailari.
Elgoibarko Udalak 699.430 euro jarri ditu herriko kultur jarduerak sustatzeko. “Elgoibar guztion artean eraikitzen dugu eta 2020an agerian gelditu da lankidetzaren garrantzia”, zabaldu du Udalak eta “eragileekin elkarlanean” jarraitzeko konpromisoa agertu du.