Kandelaria eta San Blas eguneko eliz-ospakizunek jarraitzaile dezente izaten dituzte Elgoibarren, baina aurten ezin izango dituzte ohiko moduan egin.
Koronabirusak dena ilundu du, eta santa eskerik ere ez da izango aurten. Hala jakinarazi dute Elgoibarko Izarrak, Etxegiña taldeak eta Mendaroko santa eskeko taldeak.
Elgoibarko zein Mendaroko Eguneko zentroak itxita daude koronabirus kasuengatik.
Azken lau egunetan 43 koronabirus positibo atzeman dituzte Elgoibarren, aurreko astean baino 18 kasu gehiago. Neurri berrien aurrean, Elgoibarko udalak jakinarazi du udaltzaingoaren presentzia indartuko duela kalean, bereziki sarrera-irteeretan.
Mendaroko Ospitaletik behera zetorren auto bat trenbidera erori da Mendaron. Zenbait metroko erorikoaren ondoren buruz behera gelditu da autoa, baina euren kabuz irten dira auto barruan zihoazen bi gazteak. Hori bai, trena etorri da berehala eta ozta-ozta lortu dute geldiaraztea.
Mendaro herri gorrien zerrendan sartu zuen atzo Jaurlaritzak, eta horren ondorioz gaurtik itxita dago ostalaritza. Era berean, Mendaroko Udalak ere zenbait udal zerbitzu eta espazio ixtea erabaki du.
Bizitzako lehen hamar urteak Mendaron egin zituen Myriam Martin Arritokietak, baina Debakoak ditu oroitzapen gehienak, adin horretan hara aldatu zirelako bere gurasoak. Elgoibarren, amamarenean, ikasi zuen josten eta brodatzen, amamari ikusiaz, eta afizio horri eusten dio. Ofizioz ile-apaintzailea da. Gaur, Mendaron bizi da, eta herriko Lutximak ile-apaindegian egiten du lan, baina eusten dio bere betiko afizioari ahal duen guztian. Beste bi lagunekin batera Hirulan egitasmoa sortu du, eta bi film labur ekoitzi dituzte. Hirugarren bat ere prest dute, egoera hobetzen denean aurkezteko.
Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioak Elgoibarren eman eta laga duenaren balorazioa egin eta zabaldu du Elgoibarko Euskaraldia Taldeak. Balorazioa hiru ikuspuntu aintzat hartuta egin dute: Taldeak berak egin duena dator hasieran; gero, berriz, ariketan parte hartzeko izena eman zuten norbanakoena eta entitateena dator.
Elgoibarko Udalak ikasleen euskaraz idazteko trebetasuna sustatzeko helburuarekin jarri du abian Elgoibarko Idazlan lehiaketaren laugarren ekitaldia. Idazlanak aurkezteko azken eguna 2020ko martxoaren 12a izango da.
Debabarrenako ESI Erakunde Sanitario Integratuko medikuen zuzendariak eta erizainen zuzendariak dimisioa eman dute, txertaketa irregularrekin lotuta.
Elgoibarrek eremu gorrian jarraitzen du eta bihartik (urtarrilak 29) aurrera tabernak itxiko dituzte. Mendaro ere herri gorrien zerrendan sartu du Jaurlaritzak eta ostalaritza itxiko dute.
Datozen egunetan ipiniko dituzte Urazandin eraikitzen diharduten igogailu publikoko egitura metalikoak eta pasabideak, eta lan horiek direla-eta trafikoa moztuko dute, tarte labur batzuetan bada ere.
Herriko ostalariak kalera irten dira berriro ere protesta egitera, baina oraingoan udalbatzarrera ere eraman dituzte euren eskaerak. Pandemiaren ondorioz bizi duten egoera "kritikoa" dela azaldu dute ostalarien ordezkariek udal ordezkari guztien aurrean, gainerako ostalariek plazan lapiko jotzea egiten zuten bitartean.
Osoko Bilkurak 2021erako udal aurrekontua onartu du gaur arratsaldean, EAJren eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin, eta hortaz, Elgoibarko Udalak 16.940.000 euroko aurrekontua izango du aurten, iazkoa baino ia %20 txikiagoa, 2020. urteko gastu erreala 20 milioi ingurukoa izan zela azaldu baitute. EHBildu eta Ahal Dugu alderdiek aurrekontuen kontra bozkatu dute.